
2008-07-10 | 09:55:14
IRITZIA
Bide luzea baina lasaia
Amets Txurruka Tourretik idazten
2008/07/10
Atzo etapa luzea eduki genuen, eta nahiko ondo joan zen. 220 kilometro izan ziren. Beroa egin zuen, baina momentu batean ere ez zen ezustekorik egon. Izatez, etapa indarrak batzeko zen, ibilbidea erabat laua zen eta. Baina indarrak batzeko etapak ez du esan nahi kilometro gutxi egingo ditugunik. Nire ustez, nahiko kilometro egin genituen atzo, baina ez zen ezer berezirik pasatu, dena uste moduan joan zen.
Lasai hasi eta lasai amaitzen den etapa horietakoa izan zen. Hori da hain justu nik azpimarratu nahiko nukeena. Tourra horrelakoa da, batzuetan emozioz betetako etapak egiten ditugu eta besteetan ezer gutxi gertatzen diren horietakoetan ibiltzen gara, atzokoa kasu. Herenegun egindako etapa eta atzokoa oso ezberdinak izan dira.
Gaur, ostera, mendia tokatzen da, eta gustura ibiliko naiz; haizea presente dagoen etapak gustura egiten ditut. Guztira, 195 kilometro izango dira gaur egingo ditugunak, eta lasterketa orokorrean gogorragoa izango bada ere, helmugara atzo baino arinago helduko garela uste dut.
Hala ere, lehiakortasun aldetik, gaurkoa lehenengo mendi etapa izango da, eta horretan txirrindulari gehienak barruan daramaten indar guztia erabiltzen dute; lehenengo mendian txirrindularion gorputzak energia askogaz daude, eta hori asko nabaritzen da igoera unean. Orokorrean, gaurko etapa gaitza izango dela uste dut.
Behin atzoko etapa lasaian indarrak batu eta gero, gaurko etapa egiteko gogotsu nago. Mendiko malda guztietan, ahalik eta ondoen egiten ahaleginduko naiz, baina esandako moduan, norgehiagoka gogorra egongo da.
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: publilea@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.ko kideak:
Bertako Hedabideak (EKT)
eta 11barri S.L.: 63 gizarte eragile.