
2008-07-23 | 13:00:38
IRITZIA
Ura beti eskertzekoa?
Amets Txurruka Tourretik idazten
2008/07/18
Hamairugarren etapa: Narbornne-Nimes. Hamairugarren eguna bizikleta gainean, hankek ere igartzen dute. Baina hori denetan da berdina!
Atzoko gertaerak medio, talde bat gutxiago irteeran, eta txirrindularien artean tristezi puntua. Zurrumurruak dopinaren inguruan gertatutakoari eta gerta daitekeenari buruz. Tamalez, horrelako kontuak agertzean, lasterketa bigarren planora pasatzen dute.
Baina ez guretzat. Ezustekoz betetako etapa eduki genuen. Irteera bidean, autobusean batzarra. Azken egunetan, denok ihes egiteko prest gabiltza, eta atzo gu ere asmo horri bueltaka geunden. Kafe makinara hurbildu, eta egurra eman genion. Guztion ahotan ihesaldian sartu beharra dagoela... bigarren kafea ere hartu, eta... etapa ateratzean, asmo denak bertan behera.
Hasi eta batera ihesaldia: Terpstra (MRM) eta Brard (COF). Eta pelotoian deiadar ugari: «Utzi bi horiei joaten». Bazirudien, hitzartua zegoela edo pelotoiak batera joan nahi zuela. Eta guk ere bat egin dugu pelotoiaren asmoekin: doazela eta guk ere etapa lasai hartuko dugu.
Bidean, ordea, bitxikeria bat baino gehiago izan ditugu. Bero handia zegoenez, jendeak mahukekin busten gintuen, eta eskertzen zen. Baina halakoan, baldekada batek bete-betean jo ninduen! Eta ardoz beteta ez zegoen ba! Goitik behera guztiz likinduta utzi ninduen!
Eta ez zen hor amaitu. Denbora asko pasa gabe, Mikel Astarlozak, ziztu bizian eta biziki haserre, pasa ninduen. Botilatxoa hartu eta burutik behera ura botatzen ari zen. Hari ardoa ez, baina pixa bota zioten. Batzuetan ez dakizu zer esan!
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: publilea@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.ko kideak:
Bertako Hedabideak (EKT)
eta 11barri S.L.: 63 gizarte eragile.