Edukira joan

Lea-Artibai eta Mutriku

Etxebarria
2008ko abuztuak 20, Eguaztena

;2008-05-25;´Berez ez da gaitza ogia egitea, baina urteekin hartzen da eskua nire ustez».

arantza astigarragA uranga ðOkina

«Berez ez da gaitza ogia egitea, baina urteekin hartzen da eskua nire ustez»

Etxebarria Ogi usain goxoa somatzen da Arentza baserriaren ondoko ogitegian. Betiko ogiarena. Arentza bizitoki eta lantoki da Arantza Astigarragarentzat.

maribi ugarteburu

Kalamua mendiaren magalean dago Arentza; San Migueleko errepidearen bihurgune ugarietako baten gainean. Harri bat indarrez botaz gero, akaso Elgoibarko lurretara ailegatuko da. Arantza Astigarragak, berriz, (Elgoibar, 1961) alderantzizko bidea egin zuen orain dela 23 urte: Elgoibartik Etxebarrira ezkondu zen. Baserrira. Harrez gero, bere bizilekua izateaz gain, Arentza bere lantoki ere bihurtu du. Eguneroko ogiaren labe.

Hona etorri zinenerako ogia lantzen zenuen?

Ez, nik sekula ere ez nuen egin horrelakorik. Berton, nire senarrak eta amaginarrebak egiten zuten ogia, eurentzat.

Eta zelan planteatu zenuen, ba, ogia egiten eta saltzen hastea?

Ba, lehenengo umea izan genuenean pentsatu nuen kanpoan lan egin beharrean etxean berton zer edo zer eginez gero, umea zaindu ahal izango nuela. Horrela animatu nintzen, eta hemen gaude.

Nork erakutsi zizun ogia egiten?

Manuela Guenaga amaginarrebak.

Zenbaterainoko garrantzia dauka urunak ogi ona egiteko; noraino markatzen du aldea?

Oso garrantzitsua da. Guk urun sendoa esaten zaiona erabiltzen dugu. Beste bat egoten da arinagoa, gozogintzarako.

Nondik ekartzen duzue?

Errioxatik.

Igarri duzue azken hilabeteetako prezioen gorakada?

Bai, nabaritzen da. Guk ere ogia altxa genuen, baina asko ez, ze merkatuak agintzen du, eta saltzen ez bada...

Zein da zure eguneroko martxa?

Astelehenetik zapatura egiten dut ogia.

Zein da zure ordutegia?

Besteak lo dauden bitartean egiten dut ogia, dendak zabaltzerako han egon dadin. Goizaldeko hirurak-laurak aldera jaikitzen naiz: labea piztu, orea egiteko makina martxan ipini... Eta gero, ogiak landu eta labekadak egin, beti ere labea hornituz, egurrik falta ez dakion suari.

Egurrezko labea darabilzu?

Bai; hemendik hurre daukagu zerrategi bat, eta handik hornitzen dugu egurra. Gasoilezkoa edo elektrikoa askoz erosoagoak dira, baina gure ogia egiteko hobe da egurrezko labea, beste zapore bat hartzen duelako. Gure bezeroek nahiago dute.

Orea egiteko eta lantzeko, berriz, mekanizatuta daukazu ogitegia.

Bai, hasieran baserrian berton geneukan labea eta ogitegiko gela, orain egongela den honetan. Orain dela hamalau-hamabost urte egin genuen ogitegia etxe ondoan, eta orduan ipini genituen makinak ere, labe berriagaz batera.

Nora zabaltzen duzu, ba, ogia?

Etxebarrian, Markina-Xemeinen eta Elgoibarren. Gehiena, dendetara, eta partikular batzuei ere bai. Urteko azoka berezi batzuetara ere joaten gara.

Banaketa ere zeuk egiten duzu?

Ez, senarrak daroa horren ardura.

Etxebarriko ogia deitzen zaio zuenari. Zelako ogia da?

Baserriko ogia da, ore trinkoa daukana; kilokoa eta librakoa egiten dugu. Horrez gain, zopakoa ere egiten dugu. Eta azoka berezietara opiltxoak ere eroaten ditugu; baina gure egunerokoan, baserriko ogia da egiten duguna.

Zergatik irauten dute ogi batzuek beste batzuek baino gehiago?

Ez daukatelako hobetzaile kimikorik. Gure ogiek uruna, gatza, ura eta legamia naturala baino ez daukate.

Etxean norberak ogia egitea erraza dela esango zenuke?

Gauza guztietan legez, esperientzia behar dela. Pastelen moduan da; errezeta eman arren ez zaizu berdin ateratzen... Berez ez da gaitza ogia egitea, baina urteekin hartzen da eskua nire ustez.

Ogia egitea baino gaitzagoa da, akaso, merkaturatzea?

Ez da erraza, ez. Ogietan eskaintza zabala dago, eta kosta egiten da merkatuan sartzea.

Ogiak loditu egiten ei du.

Nik uste dut ogiagaz jaten denak loditzen duela, ez ogiak berak. Zenbat eta janari artifizialagoak, hainbat eta lodiera arazo gehiago.

Zer edo zer gehitu nahiko zenioke elkarrizketa honen oreari?

Azoka berezietan-eta, ogia egiteko osasun erregistrorik ez daukatenak ere egoten direla saltzen, modu ez-legalean... eta holakoek min handia egiten digutela.

############

© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

11barri S.L.ko kideak:
Bertako Hedabideak (EKT)

eta 11barri S.L.: 63 gizarte eragile.