
Auto hotsa eta gasolina usaina
Automobilismoa Aurtengo San Migel Rallysprintean 70 autok parte hartu dute; urtero legez, jende mordoa erakarri du probak.
edurne burgaña
Atzo lehiatu zuten Etxebarria eta Elgoibar arteko VI. San Migel Rallysprinta. 70 autok parte hartu zuten, eta jende mordoa batu zen errepide izkinetan auto gidariei animoak ematen. 17:00etan hasi zen proba, eta gidariek hiru bider egin behar izan zuten Etxebarritik Elgoibarrera dagoen 10,550 kilometroko tartea.
Parte-hartzaileen artean, bertoko hamar auto zeuden: Urtzi Beristain eta Arkaitz Olalde Renault Clio Sport autoagaz, Ramon Muniozguren eta Joseba Espilla Seat Ibiza Junior-agaz, Iban Zelaia eta Arantza Loiola Renault Clio Williams-agaz, Arkaitz Uranga eta Ainhoa Sarasua Cityroen C2-agaz, Ander Txakartegi eta Xabat Urresti Citroen Saxo VTS-agaz, Xabat Arrate eta Kaiet Bereziartua Opel Corsa GSI-agaz, Alfonso Garate Seat Ibiza GTI-agaz, AitorMugartegi eta Jon Erezuma BMW 325-agaz eta Jon Andoni Lucas eta Igor Zatika Peugeot 309 GTI-agaz.
Eguraldiak asko lagundu ez bazuen ere, abiaduraren zaletu mordoa batu zen Etxebarria eta Elgoibar arteko errepidean. Bide bazterrean batzuk, zuhaitz artera igota beste batzuk eta begira egoteko egokitutako zelaietan beste asko eta asko. Auto hotsek liluratuta, gustura aritu ziren bertakoei eta kanpokoei animoak ematen. Eta auto gidariek jakin zuten ikusminari erantzuten.
Txaloak eragiten
Jendea bilduta zegoen errebueltetan zibarenak egin eta han batutakoen txaloak eragiten zituzten pilotuek.
Bigarren txandan Gorka Apalantza eta Aitzol Apalantza zihoazen lehen postuan Subaru Impreza WRC autoagaz.
Matxurak
Baina parte-hartzaile guztiek ez zuten zorte bera eduki. David Oyarzun eta Ismael Oteizaren Peugeot 205 GTI-ak matxura eduki zuen hasi orduko, eta ezin izan zuten proba amaitu.
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: publilea@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.ko kideak:
Bertako Hedabideak (EKT)
eta 11barri S.L.: 63 gizarte eragile.