
Josu anituað Amets Txurruka Lagun Artieko kidea
«Ametsi jarraitzea dugu helburua, une on zein txarretan»
Txirrindularitza Lasterketa ugaritan Txurruka animatzen egon ostean, Tourrean egongo dira hurrengo, umore onez eta pinturaz bideak bustiz.
iraitz legarra eta beñat de la fuente
Gazte mailan lehiatzen zenetik, bere gerizpea bailitzan izan ditu lasterketa guztietan, bera animatzen, zaintzen. Momentu gozoetan barrezka eta umoretsu, eta momentu beltzetan bere alboan, euren laguntza eta babesa emanez. Amets Txurrukaren lehen jarraitzaileak dira, bere lagunak, amets horretan lehen egunetik sinistu dutenak. Beragaz garagardo bat hartzen egoten direnak asteburuetan, eta oilo larru biziagaz jasaten dutenak bere ihesaldi bakoitza. Horiek dira Amets Txurruka Lagun Artieren sortzaileak. Eta Josu Anitua da euretako bat.
Noiztik diharduzue Ametsi jarraitzen?
Hasieran ez genuen ezelako talderik edo antzekorik. Besterik gabe, Ametsen lagunak eta bere inguruko jendea ginen, txirrindularitza gustuko genuenak eta lasterketetara joaten ginenak bera animatzera. Lehen kartela Aupa Txurru leloagaz ipini genuen Tximelarrerako Igoeran, Galdakaon egiten zena, oso maldatsua. Orain dela nahikoa urte izan zen, oraindik afizionatu ere ez zela. Igoera hartan sektore bi egiten ziren eta biak Ametsek irabazi zituen.
Zelan irten zen taldearen ideia?
Afizionatuetan denboraldi politak egin ostean, bere Debabarrenako azken denboraldia itzela egin zuen, eta hainbat talde beragatik galdezka eta interesatzen hasi ziren. Urte hartan, lehen Merezimendu Afaria egin genion Uhagonen. Afariaren garaian, oraindik zalantzak genituen talderen batek benetan fitxatuko ote zuen, eta afarian bertan esklusiba izango ote genuen pentsatzen genbiltzan. Aurrez, Etxebarrian ere egin ziren argazki erakusketa bat eta hitzaldi bat bere inguruan.
Zelan konpondu zen fitxaketaren zalantza hori?
Azkenean, Astarloa eta Peioren Barloworld taldeak fitxatu zuen, eta behin profesionaletan zegoela, lagunartea ofizialtzea erabaki genuen 2006ko urrian. Aurretik ere buruan genuen ideia hori, afizionatuetan paper ona egin zuen eta, baina aitzakia hori falta zitzaigun pausoa emateko. Markina-Xemeinen ere Ametsegaz harremana zeukaten beste batzuk bazebiltzan talderen bat sortzeko helburuagaz. Gure berri jakin zutenean, gugaz bat egin, eta denok batera, Amets Txurruka Lagun Artie sortu genuen, koadrila mailan.
Eta ze helburugaz sortu zenuten?
Batez ere, Ametsi jarraipen bat egiteko helburuagaz jaio zen lagunartea. Bide horretatik, gure inguruan afizioa zabaldu eta Markina-Xemeingo Txirrindulari Elkarteagaz lotutako lasterketen antolakuntzan laguntzea ere taldearen helburuetan ditugu. Beste non edo nondik deitzen badigute ere, ez dugu arazorik edukitzen laguntzeko; aurten, adibidez, Bizkaiko kadeteen taldekako txapelketan jardun dugu laguntzen. Eta gure inguruan txirrindularitzaren afizioa sustatzeko helburu horregaz, lagunartearen kamiseta eta mailotak ere saldu izan ditugu. Errepideetan zein kalean ikusten dira inoiz, gure helburuak nolabait betetzen doazen erakusgarri.
Ze ekintza antolatzen dituzue?
Ametsek Euskal Herri mailan parte hartzen duen lasterketetara animatzera joaten gara eta baliabideak ipintzen ditugu jendea ere joan dadin. Instituzionalizatuta gaudenez, diru laguntzak jasotzen ditugu, eta horrela, baditugu gauza batzuk amankomunenan: pintura, karpa, pankartak, musika... Horretaz gain, hurbil dauden lasterketa garrantzitsuetarako irteerak ere prestatzen ahalegintzen gara. Aurten, adibidez, lehenengoz ipini dugu Tourrerako autobusa. Ez dago jende asko zerrendan, beraz, nahi duten guztiak animatzen ditugu etor daitezen. Aspin gainean beste txirrindulari batzuen elkarteekin batera antolatutako jaialdi erakargarri batez gozatzeko aukera edukiko du joan nahi duenak. Euskal Bizikletan ere urtero ipintzen dugu karpa bat Arrate gainean. Musika eta debaldeko garagardo eta txorizo pintxoak egoten dira bertan, sekulako umore onean, beraz. Horra ere nahi duen jende guztia gonbidatuta dago. Azkenik, aitatu beharra dago aurten II. Mountain Bike Martxa antolatu dugula uztailaren 12rako. Etxebarrian izango da irteera, 9:00etan.
Zelan doa taldea? Jende asko egin al da bazkide?
Jende gutxigaz hasi ginen, eta orain, 208 bazkide gara. Eta ez bakarrik eskualdekoak! Badira bilbotarrak ere Ametsen jarraitzaile izan eta bazkide egin direnak, pentsa, italiar bat ere badugu. Erabat zabalik gaude bazkide berrietara, eta zuzendaritza bera ere zabalik dago. Badira batzuk paperetan azaltzen direnak, baina gero nahi duena joan daiteke batzarretara. Gainera, eskertzen da jende berriaren laguntza, ze ematen ez duen arren , lan handia dago gauza horiek antolatzen, eta zenbat eta esku gehiago, orduan eta hobeto. Gugaz harremanetan ipintzeko zein informazio gehiagorako: www.ametstxurruka.com.
Eta etorkizunera begira, zer?
Gure nahia egiten ari garen ekintza horiek finkatzea da, eta apurka-apurka berririk azaltzen bada, aurrera ateratzea. Baina, batez ere, Ametsek lehiatzen jarraitzen duen artean gure babesa ematea da helburu nagusia, bizikleta uzten duen arte bere alboan egotea, momentu onetan, zein gaitzetan.
############
Jarraitzaile ugari ditu Amets Txurruka txirrindulari etxebarritarrak, eta horien artean dago kantu bat eskaini dion Chandal Brothers taldea.
Txirrindularia, pedal egiten
B. de la fuente eta i. legarra
Ez dira asko izango txirrindularien tropelean zein bestelako kirolarien munduan kantu propioa daukaten profesionalak. Gutxi horietako bat da Amets Txurruka.
Gauza horiek izan ohi diren moduan, bat-batean otutako ideia izan zen kantuarena. Txurrukaren jarraitzaile ziren lau lagunen egitasmoa izan zen: Endika, Aritz, Iker eta Mikel. Denbora pasatzeko elkartzen ziren, kantu batzuk jo eta gustuko zituzten beste zenbaiten bertsioak eginez. Horrela irten zen Ametsi kantu bat ateratzeko ideia. Itoizen Txantxangorria kantuagaz egin zuten ahalegina, eta ohartu ziren ezin hobeto egokitzen zela bai idatzitako letrara bai doinura eta bai transmititu nahi zuten mezura ere.
Pausorik pauso
Entseguak egiten zituzten lokalean bertan osatu zuten bertsioa, lehenbizi, oinarria sortuz: baxua, bateria eta ahotsa bakarrik erabiliz. Grabazio hori Juan Karlos Perezi bidali zioten, bere iritzia eta baimena eskatzeko. «Gustu handiz» eman zuen baiezkoa, eta gainera, kanta eta ideia asko gustatu zitzaizkiola esan zien. Dena prest zegoen, beraz. Kantua amaitzeko lan handia egin zuten, xehetasun guztiak zaindu nahi izan baitzituzten. Behin amaituta, entzun zutenean, «oso gustura» sentitu ziren emaitzagaz. Grabazio lokaleko baliabideak onenak izan ez arren, maila oneko kanta bat sortu zuten.
Aurkezpena
Lehenengoz 2007ko Euskal Bizikletan aurkeztu zuten abestia, Arrate gainean elkartzen diren jarraitzaileen aurrean. Hurrengo, urte berean Amets Txurrukaren Lagunartiek antolatutako Merezimendu Afarian jo zuten. Ospakizun hartan The Clash taldearen Autentico seguidor abestiaren bertsioa ere jo zuten Chandal Brothers taldeko kideek. Gainera, zenbait bideo umoretsu ere eskaini zituzten.
############
Chandalbrothers-en 'pedal egiten'
Hona hemen Amets Txurrukari eskainitako kantuaren hitzak, iaz taberna batzuetan zein txosnetan entzun ahal izan zena:
############
############
ANTZERKIA
Jardunaldiak
MUTRIKU, Anaiarte Biltokian - 2008-09-05
DEIALDIAK
PODOLOGO ZERBITZUA
MARKINA-XEMEIN, - 2008-09-01
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: publilea@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.ko kideak:
Bertako Hedabideak (EKT)
eta 11barri S.L.: 63 gizarte eragile.