
Etxebarriko mendi ibilbideak zeharkatuko dituzte bizikletan
Etxebarria II. Mendi Bizikleta Martxa egingo da bihar; aurten ere, ibilbide bi daude aukeran: luzea eta laburra.
e. mugartegi
Amets Txurruka Lagun Artiek antolatuta, Etxebarriko II. Mendi Bizikleta Martxa egingo da, bihar goizean. Aurten ere, ibilbide bi egongo dira aukeran txirrindularientzat.
09:00etan hasiko da ibilbide luzea, eta parte-hartzaileek 36 kilometroko ibilbidea egin beharko dute Etxebarria eta Markina-Xemeingo mendi bideetan. Ibilbidea ondokoa izango da: Etxebarria, Ibarlotxa, Altzola, Garro, Ameikutz, Kostolamendi, Imitxola, Damukorta, Ankoale, Sakoneta, Amulategi, Egixarre, Akarregi, Markina-Xemein, Otalarra, Salkorta, Iturreta, San Martin, Urta eta Etxebarria.
Ibilbide laburra egingo dutenak, ostera, 10:30ean irtengo dute Etxebarritik, eta Lomiño-errota, Santa Kutz, Otsatei, Eskutuzulo, Atxulua, Goiko Lau eta Urbitxetik pasatu eta gero, berriro Etxebarrira bueltatuko dira. Guztira, 9 kilometro eta erdi egingo dituzte ibilbide laburreko parte-hartzaileek.
Izena, ordu bete aurretik
Bizikleta martxan parte hartzeko, proba bakoitza hasi baino ordu bete aurretik eman beharko da izena. Proba hasi baino hamabost minutu aurretik itxiko dute zerrenda. Federatuek 5 euro ordaindu beharko dituzte, federatu gabeek 10 euro, eta 16 urtetik beherakoentzat doan izango da. Bestalde, antolatzaileek jakitera eman dutenez, 16 urtetik beherakoek ezin izango dute ibilbide luzea egin, eta kaskoa eroatea beharrezkoa izango da.
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: publilea@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.ko kideak:
Bertako Hedabideak (EKT)
eta 11barri S.L.: 63 gizarte eragile.